5 ikastetxetako 619 ikaslek ekintzailetzan aritzen ikasi dute
Vital Fundazioak eta BIC Arabak sustatutako IkasEkiten ekimenak sustatzaileekin esperientziak partekatzeko aukera ematen die.
Arabako 15 ikastetxetatik etorritako Bigarren Hezkuntzako 600 ikaslek baino gehiagok IkasEkiten izeneko ekimenaren laugarren edizioan parte hartu dute, Vital Fundazioak eta BIC Arabak zuzendutakoa. Proiektu horri esker, ekintzailetzaren errealitatera hurbiltzeko aukera izango dute, tailerren eta hitzaldien bidez eta ekintzaile gazteekin ideiak partekatuz.
IkasEkiten programa 2014. urtean jarri zen martxan, Arabako ikastetxeak esperientzia ekintzaileetara hurbiltzen laguntzeko, hartara, etorkizunean prestakuntza hori euren ardatz estrategikoan barne har dezaten. Ordutik, parte hartzaileen kopurua gero eta handiagoa da, baita gainerako lurralde historikoko ikastetxe-kopuruarena ere. 2017-2018 ikasturtean zehar 15 ikastetxetako DBH 4. mailako 619 ikaslek parte hartu dute: Gasteizko 9, Amurrioko 2, Nanclaresko 2, Aguraingo 1 eta Murgiako 1.
Guztiek ere Arabako Teknologia Parkean kokatuta dagoen BIC Arabaren egoitzan egin den jardunaldiaz gozatzeko aukera izan dute. Gaikako 25 tailer egin dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz, ekintzailetzan aritzeko beharrezkoak diren gaitasunekin lotutakoak: iniziatiba, sormena, berrikuntza, konfiantza, arazoak konpontzea, eta abar. Horrez gain, zuzenean ezagutu ahal izan dute zer den eta zer egiten den berrikuntza eta enpresa zentro batean. Vital Fundazioak azaldu duenez, tailerrek funtsezko premisa bat izan dute: eginez ikastea. Tailer praktikoetan parte hartzeaz gain, bertan kokatutako ekimen ekintzaileen sustatzaileak ezagutu dituzte, euren esperientziak eta zalantzak partekatu dituzte eta bioteknologia, IKT eta robotika bezalako arloetako kontzeptu eta garapen teknologiko berritzaileetara hurbildu dira.
Horrez gain, programak online dimentsio bat ere hartu du. Ikasleek sare sozialen bidez parte hartzea da helburua, hartara, ekimen ekintzaile baten inguruan komunitate bat sortzeko. Helburu horrekin, post lehiaketa bat egin da IkasEkiten blogean (www.ikasekiten.com), non ikasleek tailerra laburtzeko kronika bat idatzi behar izan duten modu sortzailean. Kronika orijinalenaren saria Nazareth ikastetxeak irabazi du, eta kronika zabalduenaren saria Carmelitas-Sagrado Corazón ikastetxeak. Vital fundazioko presidenteak, Jon Urrestik, eta BIC Arabako zuzendariak, David Monterok, bi ikastetxeetako ikasleak bisitatu zituzten atzo eta bi tabletekin eta multiabenturako irteera batekin saritu zituen, hurrenez hurren.